XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jendeak ez zuen trenera igo nahi izaten oso astiro ibiltzen zelako eta haiek ordea, presaturik egoten ziren beti.

Horrela bada, gero eta gutxiago erabiltzen zenez, pentsatu zuten hobe zela tren hura kendu eta haren ordez abiadura handiko bat jartzea.

Makinistak, gizon zaharra hura ere, kosta ahala kosta lortu behar zuen halakorik ez gertatzea.

- Ezin diet utzi egurrezko tren zahar hau kentzen -esaten zion bere buruari. Hemen bidaiariek leihatilak ireki ditzakete, martxan jeitsi daitezke loreak hartzera aldapan gora doanean eta, adi egonez gero, bai eta basoko animaliak ikusi ere, trenaren ulua entzutean batetik bestera mugitzen.

Egia esateko, makinistak ez zekien zer egin tren maite hura ken ez zezaten, balazta berriak lortzeko gauza ere ez baitzen izan.

Eta kezka horrek loa kentzen zion. Halako moduz kendu ere, esna ematen zituela gauak, egoera hura konpontzeko irtenbidea hausnartzen.

Gidariaren ilobak, aitonak bezain maitea zuen trena eta behin, honela esan zion: - Aitona, zergatik ez dugu jai handi bat antolatzen trenaren omenez? Lortuko dugun diruarekin balazta berriak erosiko dizkiogu.

Esan eta egin. Eskualdeko bazter guztietatik iragarri zuten jaia eta jende ugari bildu zen hara.

Hainbeste bildu ere ezen lortutako diruaz balazta berriak erosi, trena margotu eta gidariarentzako kapela berria erosteko adina ere egon zela.

Horrela konturatu ziren tren zaharrak martxan segi zezakeela asteburuetan, patxadaz eta paisaiaz gozatuz bidaiatzea maite zuen jende guztiarentzat erabilgarri.

Eta, egia esan, ez ziren gutxi tren zaharrera igotzen zirenak.